XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Promozioa dugu helburu

Joxerra BILBAO

ORAIN sei urte sariketa hau sortzekotan ginenean, gure asmorik behinena, Bizkaiko bertsolari gazteei jende aurrean agertzeko aukera ematea zen.

Jon Lopategik ikastolarik ikastola egindako lana fruituak ematen hasia zen, eta, Unai Iturriaga eta Igor Elorza Bizkaiko txapelketako finalera heldu berriak ziren.

Baina ez ziren bakarrak.

Eurekin batera, adin bereko beste batzuk zeuden ate joka, kantatzeko aukera eskatzen.

Hau honela izanik eta BBK-k bertsolaritza arloan zerbait egiteko asmoa zuela eta, eskualdekako sariketa hau sortzea erabaki genuen, Bizkaiko Ikastolen eta Bertso Elkartearekin batera.

Helburua argi zegoen, bertsolari gazteak trebatzea eta promozionatzea.

Hasiera batetik bost izan dira ordezkaturiko eskualdeak, Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Lea Artibai eta Bilboaldea.

Azken eskualde hau zalantzan hasi zen hasiera batean, baina oso gogor dago gaur egun, aurten finaleraino heldu delarik.

Aipatzekoak dira Bizkaiko Bertso Elkartea batetik, alde honetako eskoletan egiten ari den lanagatik, eta Santutxuko Bertso Eskola bestetik.

Antolatzaileok sariketaren promozio-helburua ondo betetzen ari dela ikusten dugu, eta bestalde, honen zuzura, euren lana ahalik eta ondoen egiteko, bertsolari gazteak entrenatu egiten direla, maila hobetuz urterik urtera, eta honek, zelan ez, aurrerantzean ere sariketarekin segitzera animatzen gaitu.